ESTIBALIZKO BENEDITARREN KOMUNITATEA
Estibalizko Andre Mariaren koroatze kanonikoa 1923rako erabakia zelarik, orduko hartan Gasteizko elizbarrutiko gotzaina zen Leopoldo Eijo y Garai jaunak eta haren ingurukoek, hots, agintariek eta Santutegiaren zaharberritzeaz arduratzen ziren arabar erlijiozaleek pentsatu zuten egokia izango zela hura biziberritzeko komunitate erlijioso bat bertan egotea, tenpluaren eta haren zaindariaren kultuari emanak eta bertara joaten ziren fededunen arreta pastoralaz arduratuko zirenak, bai erromes iristen ziren pertsonez bai kristau bizitzako sakramentuak, Eukaristia eta Penitentzia bereziki, ospatzera eta otoitz egitera iristen ziren pertsonez, alegia.
Kontenplaziora emandako komunitatea hobetsi zuten, bertan irauteko errazagoa zelako eta eguneroko liturgia-kultu jarraituagatik; beraz, Dallo jaun kanonigoari eskatu zioten Burgosko Santo Domingo de Siloseko beneditarren monasteriora joan zedin eta bertako komunitateari ideiaren berri eman ziezaion.
Siloseko abade eta historialari ospetsu zen Aita Luciano Serranok adeitsu hartu zuen ideia eta bere komunitatea lekualdatu zuen, haiek ere ados zeuden eta.
Erabaki hori 1923ko urtarrilean gauzatzeko, Aita Alfonso Andres, Abadetxeko maiordomoa eta Aita Sabino Olalla, moral irakaslea, Estibalizera joan ziren komunitate berriaren instalazioa prestatzeko, abade fundatzaileak nahi baitzuen “txikia izatea, xumetasunean eta pobrezian”, orain arte izan den bezala. Hilabete geroago, hasierako komunitatea Estibalizen zegoen. Sabino Olalla, Fructuoso Nieto, nagusia, David Arnáiz eta Pablo Garía aitek, Eugenio Gutiérrez eta José Beitia anaiek osatzen zuten. 1912an eraikitako kapilauaren etxean kokatu ziren. Monasterio berria 1924ko abuztuan inauguratu zuten. Elizbarrutiko prelatuaren kontura eraiki zuten, eta hark eskatu zien beneditarrei Villafrancako (Estibaliz hartzen duen herriko) parrokiaren ardura ere. Geroago, Leopoldo Eijo y Garai gotzaina Madrid-Alcala egoitzara lekualdatu zuten.
Bertako kideen arteko aldaketa garrantzitsua 1924an gertatu zen: Aita Fructuoso ordeztu egin zuten nagusi gisa, eta Aita Andres Azcarate ordenatu berria jarri zuten haren tokian. Aibarkoa, nafarra, Buenos Aireseko San Benitotik iritsi berria, non, artean diakono zela, nagusi jardun izan baitzuen aldi batean. Aita Azcaratek ez zituen atsegin ez lekua ez Estibalizko giroa ere, baina hala ere, gogotsu eta eraginkortasunez egin zuen lan bi urtez, eta joan zenean, komunitatea nahiko ondo kokaturik utzi zuen; ura, elektrizitatea, trenarekiko eta Andollun Lizarrarako errepidearekiko konexioa etab. “Semicrónicas” izeneko ohar argitaratu gabe batzuk ere utzi zituen, haren iritzia eta jarduerak jasotzeko.
Aita Andres Azcarate joan zenean, Aita Simon de Andres izendatu zuten nagusi, eta hamabost urte eman zituen zeregin horretan. Beraren agintaldian basilika handitu zuten, organoa ipini zuten, egungo monasterioaren gainerakoa eraiki zuten, orduan Eskola-kolonia zen, Irakaskuntzako Erakunde Askeak sustatua, eta beste hobekuntza material eta pastoral asko ere izan ziren. Komunitatearen kategoria igo zuten, eta prioretxe soil bihurtu zuten.
1940an, Aita Simonen ordez Aita Isaac M. Toribios jarri zuten priore, eta hasieran independentzia edo autonomia asmoak bazituen ere, bertan bera geratu ziren Siloseko Abade izendatu zutelako 1944an. Urte horietan Estibalizko Ama Arabako zaindari ofizialki izendatzeko kudeaketak egin ziren (1941) eta kominitatea etorkizun intelektualago batera ireki zen, eta “Estibaliz” aldizkaria argitaratzen hasi ziren. Ondoren izan ziren nagusiekin ere ildo berari jarraitu nahi izan zion komunitateak: Aita Francisco Sánchez (1944-1948), Aita Agustín Rojo (1948-1952) eta Aita Santiago Alameda (1952-1954).
Etorkizuneko monjeak gogoan, komunitatearen etorkizunerako ekimen garrantzitsua izan zen eskola monastikoa zabaltzea, apaizgaitegi txiki moduko bat, oblatorio izenekoa. 1932an hasi zen, eta etenekin jardun izan zuen. Monje izatera iritsi ziren ikasleak beste monasterio batzuetan esleitu zituzten, eta bakarra Estibalizen.
Berrogei eta berrogeita hamarreko urteetan, monasterioko bizimodua egonkorra izan zen, gorago jotzeko gogoz eta elizbarrutian presentzia pastoralari eutsiz; hortaz, 1955ean, komunitatea Silosetik independizatu zen, Aita Quintiliano Tajadura priore zuela. Urrats horrek, ordea, ez zuen espero zuten arrakasta eduki; ondo prestatu ez zutelako, edo ondo garatzen jakin ez zutelako. Kontua da 1963an, bertara lekualdatu zituztela Lazkaoko (Gipuzkoa) beneditarren komunitatera, monasterioa eta bertan jarraitu nahi zuten monjeak.
Ordutik aurrera, Estibalizko komunitateak bide paraleloari jarraitu zion lehenengo berrogei urtean, eta 2000. urtean lortu zuen Lazkaotik independizatzea; eta beti sortu zeneko txikitasun, xumetasun eta pobreziari jarraituz.
Lazkaoko monjeak iristeak bizipoza ekarri zion Estibalizi, hein batean desberdina ere bai, Araban eta Euskadi barruan haien identitatea sendotu egin baitzen. Lehenengo urteetan komunitatearen jarduera dibertsifikatu egin zen Santutegiko pastoralari arreta egiteko. Monasterioaren barruan eta bertatik kanpo ekimen pastoralak, intelektualak eta kulturalak bultzatu ziren; batez ere euskararen eta liturgiaren alde, Vaticano II.ean bete-betean zeuden eta Francoren diktaduraren azken urteak ziren.
Arreta sozial eta pastoral hobea emateko xedez, joan den mendeko azken urteetan ostalaritzarako eta harrerarako instalazio zabalez hornitu zen Estibaliz; baina 2010. urteaz geroztik, zerbitzu horiek etenda daude.