Arabako Erromanikoa Interpetrazio Zentroa - Centro de Interpretacion de Estibaliz

Vaya al Contenido


 Arte erromanikoaren lekukotzak Araba osoan zehar aurki daitezke. Ermitak eta elizak paisaiaren parte dira. Landa izaera gailentzen delarik ere, ez da maisu-lanik falta, eta ezaugarri bereziak dituzte beti ere. Araban zeharreko banaketa ez da uniformea; ugariagoak dira erdialdean iparrean eta hegoan baino. Guztira, 240 eraikinetan mantentzen dira oraindik elementu erromanikoak.

 Horiek erakusten dizkiguten ibilbideen artean, Arabako zatiko Done Jakue bidea azpimarratu behar da, zenbait ermita txiki eta basilika-taxuko eraikin batzuk aurki baitaitezke bertan.

 Araban egikera erromanikoko eraikuntza asko daudela egiaztatzeaz batera, onartu behar dugu horietako gehienak ez ditugula oso ondo ezagutzen ez balioesten, ez bertakoek ez kanpokoek. Horregatik piztu zen Estibalizko Ama Elkartean erakusketa iraunkor bat sortzeko ideia, horri guztiari buruzko informazio egokia eskaintzeko. Proiektu hori gauzatu egin da Arabako Erromanikoa Interpretazio Zentroan.

 Arabako erromanikoaren harribitxia den Estibalizko Santutegiaren kimu gazte bat bailitzan, erakusketa honek aukera aparta eskaintzen dio bisitariari korronte artistiko hori Araban gauzatzen duten eraikinetara hurbiltzeko. Webgune hau Zentroak eskaintzen duen ondare ugari eta askotarikorako hurbilpen txikia baino ez da, zorioneko aurkikuntza horretarako gonbita, alegia.

Regreso al contenido